Gustavo de Maeztu Museoak Javier Ciga Echandiren «Figuración y esencia» erakusketa aurkezten du, XX. mendearen lehen erdiko Nafarroako pinturaren naturalismoaren erakusle nagusietako bat. Berrogei lanen aukeraketa hau aldi baterako erakusketen aretoan kokatuta dago, 2024ko uztailaren 5etik urriaren 27era bitartean.
Javier Cigak Gustavo de Maeztu Museoan egindako erakusketak “FIGURAZIOA ETA ESENTZIA”, kontzeptuei buruzko hausnarketa proposatzen du, horiek baitira bere lanaren definitzaileak. Aldi berean, bi margolari handi hauek elkartu ziren, garai eta unibertso piktoriko berbera partekatuz. Biek Parisko aretoetan egin zituzten erakusketak eta 1915eko eta 1917ko Madrilgo Arte Ederren Erakusketa Nazionaletan bat egin zuten. Era berean, Frai Diego Lizarrakoaren jaiotzaren bosgarren mendeurrena ospatzeko, Cigak pertsonaia handi honen erretratua margotu zuen, Lizarrako Udalak 1924an egindako lehiaketan lehen saria lortuz, eta erakusketa honetan aurkezten da gertakizun honen protagonista gisa.
Erakusketa honek bost ardatz tematiko ditu:
1. Akademiaren marrazkiak (San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademia) eta Errealismo Soziala. Madrilgo etapa 1909-1911)
Estatuagintza klasikoaren bidez, giza gorputzaren proportzioak eta marrazkiaren erabateko nagusitasuna ikasi zituen, perspektiba, kolorea eta teknika piktorikoak aztertzeaz gain, akademizismoan erori gabe. Bestalde, hango errealitate sozial gordina ikusi, interpretatu eta islatu zuen, baztertuenen alde eginda. Kaleko umeak, analfabetismoa, mozkortiak, hanparen mundua eta auzo pobreenen miserabletasuna islatu zituen bere koadroetan; garai horietan moda-modan zegoen errealismo sozialaren joera piktorikoa jorratu zuen, beraz, eta horrek erakusten du egilearen erabateko modernitatea.
2. Parisko paisaiak (1912-1914):
Bere pintura-lanaren esperientzia eder eta originalenetako bat dira. Argi bahetu, gris, iradokitzaile, lanbrotsu eta lausotu horren tratamendua dute ezaugarri. Cigak, bere aurreko inpresionistek bezala, Monet, Sisley edo Pisarrok, bere pinturen protagonista egin zuen Sena, aldaketa atmosferikoen eragina uraren isletan islatzeko, ura, zerua eta atmosfera nahasten diren nebulosa lauso bat sortuz. Pintzelkada dardarti bat erabili zuen, zatikatua, desegina, keinuzkoa, “Senan gauez” margolanaren kasuan, fauvismoaren eta abstrakzioaren artean dagoena.
3. Erretratua:
Eragin posterromantikoa darie Cigaren erretratuei: hondo neutroak baina ñabardurekin eta kolore arreak gehienbat. Erretratatuaren ezaugarri fisiko eta psikikoetan jartzen du arreta osoa egileak, aurpegia eta eskuak nabarmenduta argiaren bidez, eta begirada sakona, ikusleari lotzen zaiona, azpimarratuta. Batu egiten ditu naturalaren fideltasuna eta erretratatuaren duintasuna, batetik, eta, bestetik, antzemate psikologikoa. Ciga ez da itxura fisikora mugatzen, gizakiaren barruan murgildu, eta haren arima islatzen baitu, ordea.
4. Paisaia:
Oso maite zuen genero hori, bai modu independentean landu zuenean, bai beste genero batzuekin batera. Bereziki aipatu behar dira Baztango paisaiak, zinez bukolikoak, haietan aurkitu baitzuen egileak bere pinturaren erreferentzia izango zen locusa. Hori guztien osagarri, hezetasun-sentsazioa, argi iragazia, limurtzailea eta iradokitzailea, edo udazken baztandarraren kolore-sorta bizi-bizia.
5. Pintura etnografikoa:
Konplexutasun osoz islatzen du Cigak bizitza: lana, aisia, erromeriak, idilioak, plazako gertakariak, meza ondorengoak, hileta-errituak eta emozio erlijiosoa. Baita tipo etnikoak ere, garai horietako euskal kultura eta gizartearen bereizgarriak eta identitate-ezaugarriak. Genero honetan, Nafarraoako euskal eserntziak emozioz eta sentimenduz islatu zituen. Azken batean, eszena kostunbrista gainditu zuen, barneratzeko eta herri horren esentzia atzemateko.
CIGAREN PINTURAREN ESANAHIA
Honelaxe defini dezakegu Ciga, pintura lasaiaren maisua, hanpuruskeria eta nabarmenkeriarik gabekoa. Artifizialkeriatik, konplikazio errazetik ihes egiten du. Benetakotasunaren pintura da, itxurakeriatik harago doana, barnealde sakoneraino. Bere pintura etnografikoan Nafarraoako euskal eserntziak emozioz eta sentimenduz islatu zituen. Eite soilekoa ematen badu ere, harago bat dago beti, oparo-oparoa kontzeptuei dagokienez. Izateak osatzen eta blaitzen du Cigaren lana, izaera existentzialista emanda, bere pintura errealismo transzendente edo metafisiko (terminoaren adiera literalean) izendatzera eramaten gaituena. Ezer baino gehiago, esentzien eta egien pintorea izan zen Ciga, bere garaiko arima eta gizartearen interpretatzailea.
Pello Fernández Oyaregui
Erakusketaren komisarioa. Ciga Fundazioko lehendakaria


