Javier Ciga

Autorretrato
Javier Ciga, Autoerretratua (1912)

Javier Ciga Echandiren bizitza (1877 – 1960) Iruñean garatu zen, Madrilen eta Parisen bizi izan zeneko aldiak kenduta. Eta Iruñean, gogotsu aritu zen eragile gisa kulturaren, pinturaren eta politikaren alorrean. Nafar hiriburuari atxikia bizitzeaz gain, Baztani lotua ere bizi izan zen, familiako harremanak zein harreman afektiboak eta artistikoak medio: izan ere, nekatu gabe margotu zituen hango paisaiak, jendeak eta ohiturak.

Javier Ciga funtsezkoa izan zen Nafarroako XX. mendeko lehen aldiko pinturan. Haren obra erromantizismo-ostea eta errealismo mugimenduetan sustraitu zen. Erromantizismo-ostetik hartu zituen bere obraren inspirazio-iturri izan zuen lurrarekiko eta jendeekiko maitasuna; eta errealismotik, errealitatea irudikatu eta, akademizismoa gaindituta, perfekzioa lortzeko obsesioa. Cigaren pinturak zorroztasun teknikoa eta ongi ikasitako ofizioa ditu abiapuntu, letra larriz idazten den Pintura orekatu, bare eta nabarmenkeriarik gabeko bati heltzen dio, eta bertan maisutasun paregabeaz margotzen du kasik genero eta teknikak oro baliatuta.

Pintore gisara egindako lanaz gain, irakasle gisara egindakoa ere azpimarratu behar da, maisuen maisu izan baitzen, bere eragina hurrengo belaunaldira luzatuta.

Cigaren engaiamendu politikoak berebiziko garrantzia izan zuen. Abertzalea izaki, euskal hizkuntza eta kulturaren alde egin zuen; hartara, haien aldeko organizazio ia guztietan aktiboki parte hartu zuen. Zinegotzi jeltzalea izan zen Iruñeko Udalean, EAJra afiliatua zegoen eta. 1938an, 61 urte zituela, atxilotu, torturatu eta urte eta erdiz espetxeratu zuten.
Izateak eratzen eta blaitzen du haren obra, eta izaera existentzialista ematen dio, halako eran non bultzatzen baikaitu haren pintura ERREALISMO TRANSZENDENTE edo METAFISIKOtzat jotzera, hitz horien esanahi literalari eutsita. Beste ezer baino gehiago, Javier Ciga ESENTZIA ETA EGIEN PINTOREA IZAN ZEN, BERE GARAIKO ARIMAREN ETA GIZARTEAREN INTERPRETEA.