Ciga margolari etnografiko soil bat baino askoz gehiago da. Errealitatean oinarritutako imajinario ikonografiko bat sortzen du, Baztanen erroturik batik bat, berebiziko dokumentu soziologikoak sortuz. Horien bitartez, bailararen bizitza zein txokoak islatzen dira: [….]. Cigak bizitza bere osotasunean jasotzen du, euskal kulturan hain sustraiturik zirauten ohiturak margotuz: aisialdia, erromeriak, gazteen amorioak (idilioak), herriko plazan gertatutakoak, mezatik ateratzean eta emozio erlijiosoa besteak beste.
Cigak haren pintura etnografikoa definitzen duten euskal tipoak margotu zituen. «Tipo» hitzak arketipo balorea eskuratzen du kasu honetan, gizartearen eta komunitatearen ezaugarriak bereganatzen bait ditu.
Gai hauen barnean aipatzekoak dira Ciga margolariak horrenbeste maite zituen mus partidak, herriaren idiosinkrasiaren isla. Hainbat bertsio margotu zituen gai honen inguruan, aldaketa ttikiak txertatuz, pertsonaia kopurua esaterako. Oroz gain, Musean jokatzen (cat.236) koadroa gailentzen da, 1925etik 1930ra bitarte margotua, heldutasun etapan, haren maisutasuna erakutsiz. Margolan hau, Javier Ciga,esentzia eta egien pintorea, egilea: Pello Fernández Oyaregui, Nafarroako Gobernuak argitaraturik. Monografia eta katalogoan erregistraturik dago, 236 zenbakia, (mihise gaineko olioa, 130 x 154 cm, bilduma partikularra)
Dimentsio handiko obra batez ari gara, zazpi figuraz osatua. Eszena taberna baten barrenean girotuta dago, argi-ilunen jokoa nabarmentzen delarik, espazio errealak sortuz. Agustín eta Eulaliaren (koinatua eta emaztea) figurak zirriborraturik ageri dira, hondoko espazioa mugatuz. Eskena hau, Ariztia ostatuan kokatzen da Elizondoko Etxenikea etxean.
Konposizio harmoniatsu eta ia zirkular batean jokoaren esentzia jasotzen du, begirada bizi, artetsu eta maltzurren bitartez. Modu honetan, pertsonaien erretratu psikologikoa egiten du. Haien artean, Simon Gartxitorena, bere ahaidearen, figura dotorea eta begirada nabarmentzen dira, haren bibote eta antiojo binokularrekin buruarekin baietsiz. Mahaiak koadroaren zehar-ardatza markatzen du, bertan Cigak jokoaren objektu ezberdinak irudikatzen ditu: hamarrekoak, kartak eta gardentasunez beteriko ardo basoa esaterako. Beste behin, obra honekin, bere garaiko gizartearen interprete eta arima izan zela erakutsi du Cigak.