Profil biografiko eta artistikoa

Javier Ciga Echandi (Iruña,  1877-1960). Arbasoak baztandarrak ziren, amaren partetik, eta ibarrari lotuko zaio bai arlo pertsonalean, Eulalia Ariztia elizondarrarekin ezkondu baitzen, 1917an, bai arlo piktorikoan, bertako paisaiak, tipoak eta ohiturak margotu baitzituen behin eta berriro.

Txikia zela ama eta lau anaia-arreba hil izanak eragin handia izan zuen bere haurtzaroan.

1892an, Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolan ikasten hasi zen, maisu handiekin, hala nola Carceller eta Zubirirekin; 1907an, García Asartarekin hasi zen, haren akademian. 1908, 1909 eta 1910ean, sari nagusia jaso zuen sanferminak iragartzeko kartelaren lehiaketan; teknika hori berritu eta balio piktorikoak eman zizkion. 1917, 1918 eta 1920ko kartelak ere egin zituen. Urdampilleta ahaideen mezenasgoari esker, Madrilen jarraitu zuen ikasten (1909-1911). San Fernando akademian sartu zen, eta Garnelo eta Moreno Carbonero irakasle eta artista ospetsuekin ikasi zuen; irakasle-titulua lortu zuen, lehen mailako bost diploma eta urrezko domina jasota.

1912 eta 1914 artean, Parisko etapa hasi zen: inpresionismo, postinpresionismo eta konstruktibismoaren erabilera eta teknika berriak bereganatu zituen, baina perfekzio errealistatik urrundu gabe. Louvre bisitatzeaz gain, akademia nagusietan jaso zuen heziketa Cigak ikasle libre gisa: Julian, non Jean Paul Laurens maisu ospe-ospetsuak eskolak eman baitzizkion, Grand Chaumiére eta Colarossi. Gertakari aipagarriena 1914ko Udaberriko Aretoan sartzea izan zen, Elizondoko merkatua margolanaren eskutik, margolaria Parisko Areto Nagusiko kide gisa aitortzea ekarri baitzuen. I. Mundu Gerraren hasierak amaiera eman zion Parisko etapari, eta Iruñera itzuli behar izan zuen.

1915 eta 1936 artean, heldutasunaren etapa hasi zen. Madrilgo Arte Ederren Erakusketa Nazionaletan parte hartu zuen, 1915ean eta 1917an, eta, azken horretan, bere beste maisulana aurkeztu zuen: Biatiko bat Baztanen. Parisen izandako arrakastaren ondoren, une gorenean zegoen artista, XX. mendeko lehen erdialdeko pintura nafarraren erreferente piktorikoa bilakatuta.

Konpromiso politikoa izan zen bere bizitzaren beste alderdi nagusi bat. Ideia nazionalistekin bat, euskara eta euskal kultura defendatu zituen. 1920-1923 eta 1930-1931 aldietan, zinegotzia izan zen Iruñeko Udalean Eusko Alderdi Jeltzaletik (afiliatua zen). Gerra zibilean, atxilotu, torturatu eta kartzelan sartu zuten, urte bat eta erdiz. Horren ondorioz, sormen-prozesua eten egin zen. Zahartzaroan, gainera, arazo fisikoak izan zituen. Horrek guztiak eragin negatiboa izan zuen azken etapan (1939- 1960), zeinean Cigak berak asmatu zuen ideal estetikora itzuli baitzen. 1960ko urtarrilaren 13 hotz eta elurtuan hil zen, 82 urte zituela.

Lanaren azterketa

Bere lanaren erroak Erromantizismo ondoan eta Errealismoan barneratzen dira. Lehenetik, ama lurrari eta herritarrei zien maitasuna hartu zuen; bigarrenetik, berriz, akademizismoa gaindituz errealitatea agertzeko eta perfekzioa erdiesteko nahia. Parisen egon zen eta Inpresionismoaren eta Inpresionismo ondoaren erabilera eta teknika berriak ekarri zituen handik. Dena dela, nahita, perfekzio errealistari eta pinturaren balio handiei loturiko eredu estetiko propioari jarraiki zitzaion Ciga. Ia genero eta teknika guztiak landu zituen maisuki.
Cigaren pintura doitasun teknikoan eta ongi ikasitako lanbidean funtsatzen da; egiazko pinturatik haratago doa, pintura handi, orekatu, lasai eta karrankarik gabea egiten baitu. Bere pintura dokumentu soziologiko eta etnografikoa da eta, horri esker, gaur egungo ikuslea ezinbestean galduriko antzinako mundu baterantz eramaten du.

Bilakaera artistikoa

Formazioa eta lehen artelanak (1892 – 1908)

Cigak ttipitatik erakutsi zuen marrazteko gaitasun handia. 1892an, Iruñeko Arte Aplikatuen Eskolan hasi zen ikasten. Maisu ezagunak izan zituen irakasle: Carceller, Zubiri eta García Asarta.

1908, 1909 eta 1910ean Iruñeko kartela lehiaketaren lehen saria irabazi zuen. Kartelen teknika hura goitik beheiti eraberritu zuen, balio piktorikoez hornituta. Urte haiexetan hasi zen erretratuan, eta genero honetan maisutasun handia lortu zuen, hainbestekoa ezen bere lanbidearen oinarritako bat bilakatu baitzen.

Monaguillo fumando, 1907
Cartel de San Fermín, 1908

Madrileko aldia (1909 – 1911) eta Europan barnako bidaia

Garai hartan ezusteko garapena ezagutu zuen Cigaren lanbideak, jatorriz Elizondokoak ziren Urdampilleta amerikar senideen eskutik, ezagutu ere. Haiek lagundu zuten Madrilen bizi zedin, eta geroago Parisen. 1911–1912. urteetan Madrileko San Fernando Akademiak kide egin zuen, eta Moreno Carboneroren eta Garneloren ikastaroak egin zituen. Irakasle titulua, lehen mailako bost eta bigarren mailako bi diploma eskuratu zituen, bai eta urrezko domina ere. Sarritan bisitatzen zuen Pradoko Museoa, non, Barrokoko maisu handiei so, aunitz ikasi baitzuen; Velazquez eta Goya miresten zituen bereziki.

Madrileko etapa hartarik gordetzen dira, Cigaren lanen artean, Akademiarako marrazkiak, eta herritar jator petoenak. Garnelo maisu eta lagunarekin batera, 1911n bidaia bat egin zuen Europan barna, eta hartan asko ikasi zuen arteaz.

Zaharren estudioa, 1910
La calceta, 1910

Pariseko aldia (1912 – 1914), formatzea eta heltzea

Pariseko egonaldia, 1912 eta 1914 bitarte, emankorrena izan zen Cigarenean, bai kopuru aldetik bai kalitatearenetik. Eragin inpresionisten teknika bere egin zuen, pintzelkada bakanez, bai eta postinpresionistez kutsatu ere, emakumeen arkitekturari edo natura hilei Cézanneren geometria aplikatzen zielarik. Pariseko paisaien panel ttipiak dira adibiderik onenak, haietan Pariseko argi iragazi eta birjinalaren efektu lainotsua eta aldaketa atmosferikoak atzematen zituen eta.

Arte klasiko eta errealistaren Meka den Louvrera bisitak egiteaz gain, Cigak ikasle gisa jarraitu zituen garaiko akademia ospetsuen ikastaldiak: Grande Chaumière, Colarossi, eta batez ere Julian Akademia, non itzal handiko Jean-Paul Laurens maisuaren ikasgaiak jaso zituen, bera izan baitzen, pintura historiko eta erlijiosoari dagokionez behinik behin, akademia frantsesaren azken maisua.

Alabaina, gertaerarik inportanteena hauxe izan zen: Ciga onetsi zuten Pariseko Saloi Handiko kide, eta Elizondoko Merkatua artelana ikusgai paratu zioten Saloi Ofizialean, 1914ko udaberriko erakusketan. Urte hartan bertan, Cigak formatu handiko bost artelan pintatu zituen, bostak hats narratibokoak eta izaera apaingarrikoak, Iruñeko Euskal Zentroarendako, Francisco Navarro Villoslada (Viana, Nafarroa, 1818 – 1895) idazlearen Amaia edo Euskaldunak VIII. mendean eleberri entzutetsua inspirazio-iturri zuela. Margolan haietan gai historikoa eta kostunbrismoa nahasten dira, betiere garaiko abiapuntu estetiko eta ideologikoetatik euskal etniari gorazarre egite aldera. Erakusketan bi adibide paratu ziren: Jauregizarreko arbolaren azpian eta Nafarroako lehen erregeren izendapena.

Gerra Handia lehertu eta senide mezenek diruz hondoa jo zutelarik, bere karrera paristarra bertan behera geratu zen. Iruñera itzuli eta hasiera eman zion beste etapa emankor bati.

Nocturno en el Sena, 1912/14
Erruletaren konbinazioa 1912/14
El mercado de Elizondo, 1914

Helduaro betea (1915 – 1936)

1915etik 1936ra, Cigak garrantzi eta emari handiko produkzio artistikoa gauzatu zuen; besteak beste: Uztarpekoa, Txakolina eta Sagardian. Margolan nagusiak, Elizondoko Merkatua eta Biatikoa Baztanen, bere garaiko lekuko apartak dira, orduan Baztanen bizi-bizi zirauten euskal ohituren adierazle galantak. Alderdi artistikotik, goia jotzen dute lanok bere karreran, bai marrazkiaren maisutasunaz, bai konposizioaren, perspektibaren, argi eta kolore tratamenduaren trebeziaz. Velazquezengan inspiraturik, espazio erreala eta benetako atmosfera erdietsi zituen irudiotan.

1915 eta 1917an, Madrileko Erakusketa Nazionaletan eta orduko ekitaldi artistiko gorenetan parte hartu zuen.

Cigak garai hartan jorratu generoen artean, paisaia, pintura erlijiosoa eta batez ere potreta nagusitzen dira. Azken genero hori kalitate gaileneko mailara goratuta, nafar burgesiaren potretagile ofizial bilakatu zen. Tradizio erromantikoari jarraiki, potretak hondo neutro baina ñabarren gainean egiten zituen.

Modeloaren eite fisikoa ez ezik psikologikoa ere kausitzen zuen, begitartea eta eskuak argiaren bitartez balioesten zituelarik, potretari duintasuna eman nahian betiere.

Un viático en el Baztán, 1917
Hiletatik, 1915
Sagardien edo Elizondoko Neskatxak, 1915
Emazte Eulaliari bi erretratu, 1917

Engaiamendu politikoa, guerra zibila (1936 – 1939)

Cigaren engaiamendu politikoak berebiziko garrantzia izan zuen. Abertzalea izaki, euskal hizkuntza eta kulturaren alde egin zuen; hartara, haien aldeko organizazio ia guztietan aktiboki parte hartu zuen. 1920tik 1923ra, 1930 eta 1931n, zinegotzi jeltzalea izan zen Iruñeko Udalean, EAJra afiliatua zegoen eta. 1938an, 61 urte zituela, atxilotu, torturatu eta urte eta erdiz espetxeratu zuten. Adin hartako gizon batentzat esperientzia gogor-gogorra izan zen, eta bizitzaren gainerakoa markatu zion. Giltzapeko bizimoduaren eszenak marraztu zituen, itxialdiaren ankerra goxatu nahian.

Bi aldiz epaituta, 1939ko buruilaren 23an askatu zuten. Bigarren epaiak 2.500 pezetako isuna ordaintzera behartu zuen, baina haren ordainetan Aita Eskolapioek galdegin Kalbario bat pintatu zuen, gerora Santzioaren Kristo izenez ezagun.

Dibujos de la cárcel, 1938-39
Cristo de la sanción, 1940

Azken aldia (1939 – 1960)

Pintore lanekin batera, artista gazteen hezibidean ere itzal handiko lan didaktikoa egin zuen Cigak. Berak ezagutu akademia paristarrak gogoan, Iruñeko akademian (gaur egun haren izena darama) irakatsi zuen, ia hil zen arte. Metodo libre bat ezarri zuen, non lehendabiziko eginbeharra marrazkia nagusitasunez menperatzea baitzen, kolorea, argia, perspektiba, konposizioa, eta abar menperatzen ikasi aitzin. Praktikan, hurrengo belaunaldiko pintore ospetsu gehienak Cigaren dizipuluak izan ziren.

Kartzelak, laidoek, diktadura frankista luzeak, zaharreriak eta hari lotu gaixotasunek (hemiplegia eta ikusmen arazoak) artista kolpatu zuten, eta haren sormena urritu. Bere munduan errefuxiaturik, berak sortu ideal estetikoa errepikatzen zuen. Oihalek duintasun handia zeukaten, haietako batzuk kalitate aldetik irregularrak izanagatik ere. Hots, 50eko hamarkada garrantzi gutiagokoa da artelanei, erakusketei eta omenaldiei dagokienez.

Baina berrogei urtez bere «Ciga» akademia ospetsuan irakasten jarraitu zuen, eta hantxe formatu ziren hurrengo belaunaldiko pintore onenak.
Gizon zintzo hura, XX. mendearen lehen erdialdeko nafar pinturaren erreferentzia, maisuen maisua, intelektual hurbila, bere ideiei eutsi zien idealista, Iruña zaharrean zendu zen, 1960ko ilbeltzaren 13an.

Musean jokatzen, 1940
Arturo Campión Jauna, 1951

Javier Ciga esentzia eta egiaren pintorea da, bere garaiko arimaren eta gizartearen interpretea

Liburu honetan, kontzeptu ugari jorratu ditugu Javier Cigaren pintura zer-nolakoa den zehazte aldera. Eta kontzeptu horiek guztiek gogora dakarkigute errealitatea den bezalakoa adierazi nahi duen pintura dela, hala pentsatua eta hala egina, ez kopia huts baten gisan, baizik eta naturaren berrirakurketa eta berrinterpretazio baten antzera, abiapuntutzat hartuz, betiere, klasikoei lotutako pentsamendu hura, non natura, hala fisikoa nola humanoa, jotzen baitzen sorkuntza goren eta perfekzioaren adierazpena.

Horrenbestez, Cigaren pinturaren ardatz eta zedarri diren kontzeptuak egun objektibismo, transrealismo eta hiperrealismo izenekin ezagutzen ditugunei daude lotuta. Zuzenagoa izan daiteke aurrizkiak alde batera utzi eta errealismoa eta naturalismoa hartzea Cigaren pintura osatzen eta zehazten duten oinarrizko kontzeptu gisara. Cigaren aburuz, klasizismoa eta errealismoa ez dira elkarren kontrako terminoak, beste eragin guztien gainetiko irakasletzat hartu eta –margolari onen ezaugarrien sintesitzat zeukala– hainbeste miresten zuen Velázquezen kasuan ez diren bezala.
Pinturaren osagaiak jorratzerakoan zeukan zorroztasunak pintura errealitatearen adierazpen fideltzat jotzera bultzatu zuen, halako eran non esan baitezakegu haren estiloak Perfekzio Errealistatik Errealismo Metafisiko edo Transzendentera eboluzionatu zuela: lortu zuen akademizismoa eta perfekzionismo hutsala saihestu eta benetan garrantzia duen eta itxuraren atzean dagoen horretara iristea, haren obrari zentzua eta funtsa ematen dizkioten izaera eta esentziara. Bere estiloari leial jokatu zuen beti, abangoardien iritsierak halako artista figuratiboak hein batean zokoratu bazituen ere, modernitatearen kontzeptu aizun baten eraginpean. Pariseko egonaldian, en plein air edo aire zabalean egindako pinturaren hoberena ikasi zuen –harrezkeroztik inoiz ez ziola utzi hura lantzeari– bai eta inpresionismoaren, postinpresionismoaren eta kostruktibismoaren teknikak eta estiloak ere, baina, betiere, bere galbahetik iragazi eta bere eran bereganatuz, halako moldez non arras integratu eta sintetizatu baitzituen bere pinturan, kontraesanik gabe lehen eginak zituen obrekin. Hori da haren ibilbide piktorikoaren lorpen handienetako bat.

Teknikak eta generoak baliatzen, joritasuna eta aniztasuna erakutsi zituen. Tekniketan, olio-pintura baliatu zuen gehien, eta, generoetan, erretratua, pintura etnografikoa eta paisaia. Horietan, maisutasun agerikoa frogatu zuen.
Elite ekonomiko, politiko eta kulturaleko pertsonak erretratatu zituen, baina, batez ere, herriko bizimoduaren lekukotasuna eman zuen, eta hainbeste maitatu zuen kulturaren eta haren askotariko agerpenena. Agiri etnografiko oparoak utzi zizkigun, eta iruditeria ikonografiko oso berea sortu zuen. Alor horretan egin zuen Cigak bere ekarpen piktoriko handiena: kostunbrismoa gainditu, eta pintura etno-sinbolikoa sortu zuen, bertan herri baten bizitza eta kultura bere konplexutasun osoan erakutsiz eta, elementu sinbolikoen bidez, gu mundu transzendente eta esentzialago batera eramanez.
Pintore gisara egindako lanaz gain, irakasle gisara egindakoa ere azpimarratu behar da, maisuen maisu izan baitzen, bere eragina hurrengo belaunaldira luzatuta. Berrogei urte luze egon zen atelier paristarren antzera irekita Ciga akademia: gune bizi bat non pintoreak, profesionaltasun eta maitasun handiz, ikasleei eskaini baitzizkien bere bizitzan zehar pilatutako ezaupide handiak, berak ere bere maisu handiengandik bereganatuak. Baina, batez ere, irakatsi zien Pinturarekin eta Artearekin –horrela ulertuta, letra handitan– gogoberotzen.

Bere irakasle-lan oparo eta emankorrari esker, haren eragina luzatu zen Nafarroako artegintzan: Ciga akademian egin zituzten lehen urrats artistikoak pintore bikain eta pinturazale ugarik berrogei urte luze iraun zuen ibilbidean. Cigak dena partekatu zuen bere bizitzan, baita gehien estimatzen zuena ere: bere ezaupideak eta bere pintura.
Zorrotz eta zehatz jardun zuen hala marrazketan nola konposizioan, eta gutxik bezala asmatu zuen perspektibaren tratamenduan, benetako espazioa irudikatzea lortu zuelarik. Erakargarriak egin zitzaizkion, baita ere, argi eta itzalen arteko jokoak. Eta tentu handiz erabili zituen koloreak eta haien ñabardura askotarikoak, tonu-harmonia arretatsuari helduta.
Pintura, arte-adierazpena den aldetik, haren bizitzaren benetako arrazoia izan zen: pinturari emana bizi izan zen, ezkutuan eta kasik modu klandestinoan egin zituen lehen marrazkiekin hasi eta bizi-bukaeran margotu zituen koadroetara iritsi arte. Ezta zahartzaroko gainbehera fisikoak ere ez zion eten eutsi ezineko indarra, margotzeko GRINA benetako hura. Eta hala aritu zen azken unera arte, pintura eta bizitza aldi berean utziz, Cigarengan bat eta banaezinak izan baitziren biak.

Pintura barearen maisutzat jo dezakegu, hanpuruskeriarik eta nabarmenkeriarik gabeko pinturarena. Ihes egiten zien hala artifizialtasunari nola zailtasun errazari. Printzipio gisa hartzen zuen behar baino baliabide gehiago ez erabiltzea. Horrek zedarritzen du gustu ona, eta ardatz bilakatzen da Cigaren pinturan, bertan ezer ez baita faltan, eta, are gutxiago, sobera. Beharrezkoa ez dena gaitzesten zuen, ikus-erretorika aizunak, eta funtsezko gauzei erreparatzen zien. Ez zuen ezer maskaratzerik, are, haren helburua zen egiaren bila abiatzea pinturan arituta. Egiazkoak ziren, baita ere, haren bizitza eta konpromiso ideologiko eta politikoa, haren bizitzaren parte zena, nahiz eta horregatik ezagun ditugun ondorio larriak nozitu zituen. Adierazpen guztiak –edertasuna eta itsustasuna, poza eta tristezia, zirrara, erlijiotasuna…– EGIAZKO PINTURA horren ondorio izan ziren, itxuratik harago joan eta gizakiengan zein errealitate materialetan sakon barneratzen zen pinturaren ondorio. Horiek ditugu tresna Cigaren pinturaren ESENTZIAN eta TRASZENDENTZIAN ikertzeko.
Heidegger-ren postulatuei helduta, esan dezakegu Cigaren obrak baduela dimensio ONTOLOGIKO bat, bertan, batez ere, IZATEAren taupadak igartzen baitira, figuren eta objektuen irudikapen hutsetik harago, esentziara heltzeko, egiara, alegia. Cigaren obran, itxura xumearen atzean, haragoko beste mundu bat dago, oso aberatsa kontzeptuen ikuspegitik. Izateak eratzen eta blaitzen du haren obra, eta izaera existentzialista ematen dio, halako eran non bultzatzen baikaitu haren pintura ERREALISMO TRANSZENDENTE edo METAFISIKOtzat jotzera, hitz horien esanahi literalari eutsita. Beste ezer baino gehiago, Javier Ciga ESENTZIA ETA EGIEN PINTOREA IZAN ZEN, BERE GARAIKO ARIMAREN ETA GIZARTEAREN INTERPRETEA.

Beitegui, 1909/11
Peli Makurra, 1911
Nafarroako lehen Erregearen aldarrikapena, 1914
Uztai behiak, 1915