– Ciga bildumaren aurkezpena.
– “Artzaina”. 1910ean egindako lan honetan gailentzen dira atmosferaren tratamendua, ipar lainoaren efektua, zeruko goibelen harat-honata eta irudiaren zirriborratzea.
– 1914an tamaina handiko lau koadro pintatu zituen Iruñeko Euskal Zentrorako. Navarro Villosladaren Amaya o los vascos en el siglo VIII eleberrian oinarritutako lan horiek narratiboak dira, dekorazio-lanak funtsean eta haietan gai sinbolikoak eta historikoak nahasten dira. Hortxe ditugu, bestalde, – “Jauregizarreko arbolapean” eta “Nafarroako lehen Erregearen aldarrikapena” lanak eta «Mezatik ateratzea» eta «Sokadantza» lan etnografikoak. Lan horietan denetan ageri dira multzoaren ideiaren aldeko zirriborratzea eta kontatzeko ahalmen handia.
– Haurrei egindako erretratuak dira, Natitxu eta Migueltxo seme-alabei eta koinata Fely neskari egindakoak. Naturaltasunak, samurtasunak eta bizitasunak aski ongi definitzen dute pintoreari hain hurbilekoa zitzaion haurren mundu hori.
– Erdian, bere «Autoerretratua» ageri da. Velázquez bezala, indartsu ageri da pintatzen, koadroak gibelean dituela, «koadroaren barneko koadroa» baliabide barrokoa erabiliz.
– Emazte Eulaliari bi erretratu egin zizkion, bata albotik hartuta eta bestea gorputz osokoa. Ingeles tradizioko lan preziosista eta dotoreak dira, eta irudia alderatua ageri dira. Paisaia erromantikoa gibelean dutela, luxu handiko soinekoaren kalitatea eta gardentasuna agerian gelditzen dira.
– Madrilgo aldia. Lanak zehatzak eta perfektuak dira marrazkian, bai naturalean egindakoak, bai eredu zaharren gaineko kopiak. Honelakoa da «Samotraziaren garaipena» akuarela.
– Ikatz-ziriarekin marrazturiko “Estudioa” lanak San Fernandoren Akademiaren urrezko domina jaso zuen. Lan konplexua da, anatomien eta eskortzoen tratamenduagatik eta argi-ilunen jokoagatik.
– Errealismoak goia jo zuen «Zaharra biolinarekin» lanean; itxura gogor eta zakarrak pertsonaiaren berezko duintasunarekin bat egiten du.
– Parisko aldia. Bere teknikari inpresionisten eragina gehitu zion eta hori nabari da pintzelkada askean, aire zabaleko pinturan eta Cézanneren konstruktibismoan, dela Baztango baserriaren arkitekturan, dela bodegoian. Horren erakusgarri dira Parisko eta Baztango paisaiak ageri diren oholtxoak. Orobat, Faubismotik hurbil, kolore bortitzeko orbanagatik da nabarmentzekoa «Gau iluna Senan«.
– Salaberritarren gorputzerdiko erretratuak. Horien artean On Manuel da nabarmentzekoa, aurpegiaren eta eskuen tratamendu bikainagatik.
– “Erruletaren konbinazioa”. 1912tik 1914ra bitartean egindakoa, trazu zehatz eta indartsuko gorputz biluzi honetan haragi guriko eta nakar-itxurako anatomia ederki lantzen da. Kurbak nabarmendu eta haien sentsualitate ederra areagotzen duen argi-joko gozoa erabiliz, akabera eta modelatua ere leunak dira. Kolore-gama orekatukoa, diwana estaltzen duen arabeskoarekin, kuxinarekin, tapetearen kolore berdearekin edo gibelaldeko gortinaren urdin biziarekin kontrastatua. Alderdi horiek guztiek lana moderno egiten dute.- “Guillermo Balda doktorearen erretratua”. 1914ko lan honetan bateratzen dira erretratatuaren duintasun eta kaptazio psikologikoa eta Zurbaranen estiloan argi-foko modura erabilitako kolore zurien erabilera aparta; kolore zuri horiek leihotik sartutako argi hotzarekin nahasten dira eta paregabeko aseptsia giroa sortzen da. Aldi berean, objektuen kalitateei erreparatzen die, hots, zeramikei, metalei eta medikuaren tresnei.
– “Sagardien” edo “Elizondoko Neskatxak”. 1915ekoa da, Baztango paisaia gibelean duela, zeru beltzeko ilunabarrean bi gazte daude. Haien bolumetria nabarmentzen da argi-ilunen jokoarekin eta horrek eszena etnografikoaren errealismoa eta saski eta sagarretan ageri diren natura hilen xehetasuna islatzen ditu.
– Baztango paisaiak lanean Baztanen edertasuna islatzen jakin zuen. Karrikatxar zuen gustuko eta huraxe erakutsi zuen. Moneten erara, argiak arkitektura eraldatzeko eta desitxuratzeko duen ahalmena erakutsi zuen.
– «Kartzelako marrazkiak» sailekoak libreta batean egindakoak dira, arkatza hartu eta unean-unean marrazturikoak. Kartzelako kideak ageri dira kartzelako egunerokoetan. Trazu ziurrak eta modelatua erabiliz, perspektibaren irudipena erdiesten du.
– “Musean jokatzen”. Hondar urteetan eginiko lan honen konposizioa arrunt orekatua da eta, gibelalde neutroaren gainean, pertsonaien itzalek sakontasun handiagoa ematea erdiesten dute. Jokoaren funtsa erakusten da jokalarien arteko begiratu bizi, azeri eta makurretan eta, bereziki, erdialdeko pertsonaiarenean.
– “Mohamed-Ben-El Peli-Makurra”. Lan honetan aitzinaldera begira dagoen gazte baten bustoa ageri da, musulmanen erara jantzia (Rodriguez Juguera da, durbante batez jantzia). Lan honetan azpimarratzekoak dira Zurbaranen estiloko kolore zuriak eta ikuslearekin bat egiten duen begirada bizi eta sakona. 1910etik 1911 bitarteko Madrilgo aldikoa da, 1913ko data badu ere.
– “Estudioa” (1912-14). Lan hau garrantzitsua da pinturaren ikaskuntzaren ikuspuntutik. Bolumena irudikatzen da, gero eta geruza enpastatuagoen gainean bata bestearen gainean geruza finak paratuz.


















