Gaur egun Itxita
Erruletaren konbinazioa
Olio-pintura Cigak egindako biluzki bakarra da (aparte utzita egindako marrazkiak eta bustoak). Pariseko aldikoa da eta hango askatasuna profitatu zuen biluzkia sortzeko. Trazu zehatz eta indartsuez egina, margolanak anatomiaren tratamendu perfektua islatzen du: haragi hanpatu-irmoen zuritasun nakar-itxurakoa, akabera eta modelatu finak, eta gorputzaren elongazio agerikoa, dotoreago bilakatzen duena. Azalaren irudikapen perfektua lortzen du, jada aipatua dugun Bouguerau margolari frantsesaren erara, eta horretarako azalaren distirak ñabartzen ditu, azalarenan gardentasun-itxura areagotuta azpiko argitasuna igarotzen uzten duten pintzelkada fin eta lausoduren bidez. Argi-joko fina baliatzen du, biribilguneak nabarmendu eta sentsualtasuna, leuntasuna eta haragikoitasuna areagotzen dituenak. Kolore-sorta harmoniatsuak kontraste egiten du dibanaren eta kuxinaren arabeskoarekin, mahai-tapizaren berdearekin eta hondoko gortinaren urdin biziarekin, eta horrek guztiak modernotasuna eransten dio obrari.
SINESTE ZARRAK eta ABRIAT
1918an, Navarro Villosladaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko lehiaketaren karira, Cigak bi lan aurkeztu zituen: Sineste zarrak eta Abriat.
Sineste zarrak
Ilbeteari buruzko alegoria zen gaia: baskoien kondairazko jatorriak eta erlijioen gurutzatzea, erlijio kristauaren (Amaiak gorpuztuta) eta baskoien erlijio antzina-antzinaren artekoa (Amagoia izebak defendituta), zehazki. Zuriz jantzita ageri da izeba, erromatarren usadio zaharrean, Aitormendi legendarioaren gailurrean, ilbetea ospatzeko prest, antzinako baskoiek egin ohi bezala. Paisaia erabat irreal batean girotzen du Cigak lana, horixe eskatzen baitute eszena alegorikoek, eszenografia misteriotsu eta esoterikoa sortuta; kolore-gama tonu urdinxka, malba, gris eta moreek osatzen dute, kontraste handia egiten dutenek orban laranjekin, hots, erritu-suak adierazten dituztenekin. Pintzelkada libre eta soltea da, eta zirriborro-itxura hartzen du lanak, oso enpastatua, modernitatea ematen diona lanari.
Abriat
Triptiko moduan egituratua dago. Lehen panelean, Amagoia eta Aitor, euskaldunen patriarka eta zazpi euskal tribuen burua, ageri dira. Behean, San Migel goiaingeruaren eszena deskribatzen da, dragoia hil eta Teodosio Goñikoari kateak kentzen ari zaizkiola. Erdiko panelean, Amaya, tunika zuriaz jantzia, zaldi zoro baten gainean dago. Teodosiok punteria on-onaz gezia jaurti, zaldia hil, eta Gartzia Ximenezek Amaia salbatzen du. Irudimenezko paisaia batek inguratzen du eszena, Haesko paisaia dakarkienak burura estiloari dagokionez: mendi malkartsuak eta tonu gris urdinxkak eta malbak. Hirugarren panelean, Amagoiaren ilbetea ageri da berriro, harpa duela, Sineste Zarrak lanean deskribatu den bezala.
Navarro Villosladak sortutako mitologia berria birsortzen du Cigak bi margolan hauetan, oso modu berezi eta egokian plastikari dagokionez, herri baskoiaren purutasuna nabarmenduta, inguruko herriena ez bezalakoa. Epopeia bat da, herri honetako balentriak kantatzen dituena; horrekin batera, protagonisten pasioak adierazten dira, zeinetan legendarioaren eta errealaren erdibidean dauden istorioak ehuntzen diren.